Bat, bi, hiru, lau… eta

Esku betearekin zenbatzeko adina sorkuntza-lan. Bost. Zentzumen oro gozarazteko moduko soinuak dakartza bosgarrenak. Pentagramaren arteza bihurrituta, bost puntako izarrari darion soinua. Ongi etorri, Bost. Heldutasunean nekaezin dabilen musikariaren bostekoa. Azkenaldiko bizipenei emandako bostekoa. Poztekoa.

Xabi Aburruzaga (Portugalete, 1978) trikitilari eta konpositorearen bosgarren lana da Bost. Aurrekoan, KeltiK (2016) izenekoan, unibertso keltiarrean bidaia genezan proposatu bazigun Xabik, oraingo honetan barru-barruko bidaia egin du musikariak; azken urteetan bizitako esperientziak oinarri dituzten hausnarketei doinua jarri die, eta horietako batzuei baita hitzak josi ere. Amama-aititen lurretara, Palentziara, umetan egindako bidaiak gogoan ditu Bilbao-La Robla eta Waltz for Velilla piezatan, eta azkenaldian kanpora egindako bidaietatik ekarritako oroitzapenak ere ez dira falta: Reel Quebecoise, Nadirren giltza, Non da Palestina, Meigas eta Zortzi Jauzi, azken hau Ameriketan ezagututako euskal diasporari gorazarrea. Iaz lehenengoz aita izanik, ezin zen falta semeari beren beregi eskainitako pieza: Izei. Omenaldi gehiago ere badira diskoan: pandero-lagun minaren aitari eskainitako Irumugarrieta 2.0, bere hastapenetan maisu izan zituen trikitilariak ezagutarazi zituen 88ko Txapelketa, edo Josu Zabala (Hertzainak) eta lagunekin bizitakoak gogora dakartzan Mekoleta. Hauetako askok Aburruzagak ezin hobeto zaindu eta ureztatzen duen trikiti-soinu klasikoa dute oinarri, Hauspoaren infernutik piezan bezala. Haatik, lan honetan ere ezin izan dio esparru berriak arakatzeko grinari eutsi; horren erakusle dira Europako iparraldeko paisaia gogorarazten digun Atxarre, eta diskoari izena ematen dion Bost kantua, bosteko erritmoan osatu duena, Garikoitz Aldekoak proposatutako ideian oinarrituta.

Ohikoa duen gisan, gonbidatu ugari izan ditu Xabi Aburruzagak diskoaren grabaketa lanetan: Yves Lambert Trio (La Bottine Souriante), Jorge Arribas eta Diego Galaz (Feten Feten), Anxo Lorenzo eta Tanxugueiras taldeko pandereteirak (Olaia Maneiro, Sabela Maneiro eta Aida Tarrio), Calum Stewart, Argibel Euba eta Iñigo Olazabal, Amaia Oreja, Mikel Markez, Jose Maria Santiago “Motriku”, Pilar Aresti eta Ameriketako Euskal Etxeetako ordezkariak. Bost kantutan jarri dituzte hitzak Miren Amurizak, Unai Iturriagak eta Iñaki Aurrekoetxeak. Aburruzagaren taldean dira, bestalde, Aitor Uribarri (panderoa), Koldo Uriarte (teklatuak), Jon Cañaveras (kontrabaxua), Eriz Perez (gitarra akustikoa), Xabier Zeberio (bibolina, biola eta nyckelharpa), eta Gorka Urmeneta (alboka). Produkzioan Jose Urrejolak lagundu du, diseinua Higinia Garaik egin du eta soinuaz Unai Mimenza arduratu da. Ekoizpenaren zuzendaritza lanak Aburruzagak berak egin ditu.

Barne-bidaia egin du Portugaleteko musikariak eta han-hemengo lagunekin bizitakoak, haurtzaroa, aitatasuna, eta nola ez, maitasuna, trikitixari diona, zein baino zein kutunago zaizkion pieza bihurtu ditu eta entzuleari eskaini dio Bost, elkarrekin euskal folkaren unibertsoa elikatzen jarraitzeko.